close
Edukira joan

Irlandar mitologia

Wikipedia, Entziklopedia askea

Irlandar mitologiak ez dio osorik eutsi kristautasunaren helduerak ekarritako eragin handiari, baina haren zatirik handiena Erdi Aroko fraide kristauek idatzita jaso zen, nahiz eta Erdi Aroko irlandar literaturan jada mitologia honen jatorrizko esanahi erlijiosoa nabarmen murriztu zen. Irlandar mitologia da zelta mitologiako adarretatik hobekien eta gehien jaso eta gorde izan dena. Halere, eskuizkribu hauetako asko ezin izan dira gureganaino iritsi eta beste material asko idatzita jasotzeko aukerarik ere ez zuten izan. Gaur egunera ailegatu diren material apurrak nahikoak dira lau ziklo ezberdinetan sailkatzeko: Ziklo mitologikoa, Ziklo historikoa, Ulsterko zikloa eta Feniar zikloa. Ziklo horietan kokatu ezin litezkeen beste hainbat testu mitologiko ere badaude. Modu berean, ziklo horietako pertsonai batek edo gehiagok, kontserbatu den ipuin herrikoi sail zabalean ere agertzen dira.

BERJAYA

Mitologia berreraikitzeko erabiltzen diren iturri nagusiak hiru eskuizkribu dira, XI. mende amaiera eta XII. mende hasierakoak: Lebor na hUidre (Behi nabarraren liburua) eskuizkribua, Irlandar Erret Akademiako liburutegian dagoena, XII. mendeko hasierako Lebor Laignech (Leinstergo Liburua), Trinty Collegeko liburutegian gordetzen dutena, eta Rawlinson Eskuizkribua (Rawlinson B 502),[1] Oxford Unibertsitateko Bodleiar Liburutegian. Nahiz eta iturri horiek data horietan ekoiztu ziren, materialaren zatirik handiena bere aurretikoa da. Lehenengo prosa edo hitz-laua VIII. mendean datatu liteke arrazoi linguistikoei jarraituz gero, eta zenbait bertso VI. mendekoak ere izan litezke.

BERJAYA
The High Deeds of Finn and other Bardic Romances of Ancient Ireland, T. W. Rolleston eta beste; Illustratzailea: Stephen Reid[2]

Beste iturri garrantzitsuen artean Irlandako mendebaldean agertutako XIV. mendearen amaierako eta XV. mendearen hasierako lau eskuizkribu sail nabarmendu litezke: Leabhar Buidhe Lecain (Lecango liburu horia), Leabhar (Mór) Leacain (Lecango liburu handia), Leabhar Ua Maine (Hy Many-ko -edo Uí Maineko- liburua) eta Leabhar Bhaile an Mhóta (Ballymote-ko liburua). Lehendabizikoak, Trinity College-en dagoen Táin Bó Cúailnge ("Cuailnge-ko zezen (edo ganadu) lapurreta") kontakizunaren aurreneko bertsioa dauka. Beste hiruak Dublinen dagoen Royal Irish Academy (RIA; irlanderaz: Acadamh Ríoga na hÉireann) (Irlandar Erret Akademian) daude.

Beste XV. mendeko eskuizkribuek, Leabhar Fhear Maí edo leabhar de Róiste (Fermoy-ko Liburua edo Rocheko liburua) tartean, argibide edo informazio interesgarriak gordetzen dituzte, bai eta aurrerago agertu ziren lan sinkretikoek, Geoffrey Keating-en Foras Feasa ar Éirinn (Irlandako Historia), 1640an sortua.

BERJAYA
Bi enbaxadoreak. Ilustratzailea: Stephen Reid
BERJAYA
Irlandako erresumak XI. mendean

Iturri horiek erabiltzean, kontuan hartzen da eskuizkribu gehienak monje kristauek sortu zituztela. Batetik, Bibliako pasarteak sartu zituzten kontakizun tradizionalen bildumetan, eta, bestetik, haiek ere beren kultura natiboari eusteko nahiaren eta sinesmen paganoekiko etsaitasun erlijiosoaren artean mugitu ziren, eta zenbait jainko-jainkosa eta gertakizunei itxura historikoa eman zieten. Azken iturrietako asko irlandarrentzat istorio bat sortzeko diseinatutako propaganda-ahalegin baten parte ere izan ziren; horrela, Godofredo Monmouthekoa galestarrak (c.1100 - c.1155), britainiar inbasioaren (1169-1175) ondorengo kontakizun mitologikoak, eta beste batzuek promulgatu zuten Erromako sortzaileak irlandarren sorrerako pertsonaiekin aldera zitekeela. Irlandako genealogiak berregiteko joera ere izan zen, greziarren eskema ezagunean edo Itun Zaharraren genealogien barruan sartzeko.

Ezaugarriak eta datuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irlandar mitologia Erdi Aro hasieran jaso zen forma idatzian, eta beraz, garai hartakoa da mitologia horretaz dakiguna. Beraz, ez da greziar mitologia bezala, ber forma idatzian Antzinatean jaso zena, K.a. VIII. mendetik aurrera. Irlandan, edozein idazlan literario eta liburu-ekoizpen posible egin zuen "teknologia" elizaren bidez bakarrik zegoen eskuragarri.

Ezin dira irlandar jainko-jainkosak edo errege-erreginak greziar eta erromatar jainko-jainkosekin edo heroiekin zuzenean eta modu xaloan parekatu. Adibidez, Marie-Louise Sjoestedt frantses filologoak dioen bezala: «Adituek maitasunaren jainkosa zelta baten gabezia adierazi dute, Venus edo Afroditaren baliokidea [baina] zelta jainkosa gehienek izaera sexuala erakusten dute, gutxi gorabehera markatua. Galdetzea zergatik ez dugu aurkitzen izaera hori duen jainkosa bat, gainerako guztiak alde batera utzita, zelten mitologia atzerriko irizpideen arabera epaitzea da, eta, beraz, bere sistema intimoaren interpretazio okerra egitera kondenatzea».

Lughi «Eguzkiaren jainkoa» edo Morrigani «gerraren jainkosa» deitzea esanahi klasiko eta estatikora eta haiek ulertzeko modu finko batera mugatzea da, antzinako irlandarrek egiten zuten bezala ulertzeko edozein itxaropen murriztu eta oztopatzen duena.

«Zelta» terminoa nomenklatura modernoa da, eta oso leku ezberdinetan eta historiako garai ezberdinetan bizi izan ziren herri ezberdinak izendatzeko erabiltzen da.

Kristautasunaren aurreko Irlandan jainkoen gurtza nolakoa zen jakiteko oso aztarna arkeologiko gutxi ditugu.

Antzinako tumuluei esker eta eguzkia irten eta sartzearekin lerrokatuta daudelako, badakigu «urteko gurpil zelta» bezala ezagutu zena Neolitoko herri askoz zaharrago batek sortu zuela lehen aldiz, zeinak urteko zikloaren une sakratuen eta nekazaritzarekiko loturaren pertzepzioa eta ereite eta uzta aroak bereizteko benetako beharra baitzuen.

«Jainko irlandarrei» buruz dakigun guztia monje kristauek eta poeta sakratuek idatzi zuten etengabeko aldaketa kulturalen aldi luze batean.

Antza, jainko-jainkosak, eskualde mailako pertsonaiak ziren. Adibdiez, Brigit jainkosa bera , zelta espiritualtasun modernoaren zutabeetako bat, jatorrian Leinster eskualdeko jainkosa bat izan zitekeen, irlandar tribu bati lotua, briganteei (izen bereko tribu bat ere bazegoen Britainia Handian eta ). Oso litekeena da Brigid Irlandako Ama pontekoa izateko ideia ez izatea harik eta bere izen kristauarekin, Kildareko San Brigidarekin, nahastu zen arte (beharbada elizen arteko nagusitasunari buruzko liskar politiko baten parte gisa), horrela figura horren gurtza eginez, bere itxura pagano edo kristauarekin.[3]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Rawlinson» digital.bodleian.ox.ac.uk (kontsulta data: 2025-11-17).
  2. (Ingelesez) Rolleston, Thomas William; Reid, Stephen. (2005eko urt. 21a). The high deeds of Finn, and other bardic romances of ancient Ireland. (kontsulta data: 2025-11-17).
  3. Draoigall, Séamus. (2021eko apirilaren 4). «‘For the Enjoyment of Idiots’: 9 Facts About Irish Mythology» Deercun. Gaelic graphics and Studies.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bibliografia gehigarria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • O'Rahilly, Thomas F. (1946, berrarg. 1971). Early Irish History and Mythology. Dublin Institute for Advanced Studies.
  • Mac Cana , Proinsias 1970) Celtic Mithology. Feltham, Hamlyn.
  • (Gaztelaniaz) Green,Miranda J. (1995) Mitos celtas, Ediciones Akal. 9788446004721
  • Sainero, Ramón(1999) Diccionario de mitología celta. Akal. ISBN: 978-84-460-0936-8
  • Ellis, Peter Berresford (1987) A Dictionary of Irish Mythology
  • MacKillop, James (1998) Dictionary of Celtic Mythology. Oxford University Press.
  • Williams, Mark (2016) Ireland’s Immortals: A History of the Gods of Irish Myth. Princeton University Press.
  • Ó hÓgáin, Dáithí (1991) Myth, Legend & Romance: An Encyclopaedia of the Irish Folk Tradition .
  • (Gaztelaniaz) Alberro, Manuel (2022) La mitología celta y sus textos. Muñoz Moya - 9788480101585
  • (Gaztelaniaz) Alberro, Manuel (2019) Diosas celtas - mitos, religion y leyendas. Dilema, S.L. ISBN: 978-84-9827-446-2
  • (Frantsesez) Guyonvarc’h, Christian-J. 1980. Textes Mythologiques Irlandais. Rennes: Ogam.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]