Kublai Khan
Kublai Khan[1] —Khubilai edo Kubla ere deitua— (1215eko irailaren 23a – 1294ko otsailaren 18a) mongoliar enperadorea izan zen, Genghis Khan Mongoliar Inperioaren sortzailearen biloba. Mangu bere anaia 1259an hil zenean hartu zuen khan titulua. Aitonak hasitako Txinako konkista burutu zuen eta Yuan mongoliar dinastia sortu zuen Txinan. Mongoliako inperioaren administraziogunea bihurtu zuen Txina, eta Khanbaluken (gaur egungo Pekinen) ezarri zuen hiriburua. Japonia konkistatzen ahalegindu zen baina ez zuen lortu. Erlijio-aniztasuna onartu eta kultura suspertu zuen. Marco Polo 17 urtez egon zen Kublai Khanen gortean.
Agintaldia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]| Artikulu edo pasarte honek eduki, gramatika, hiztegi edo ortografia akatsak ditu. Lagundu nahi baduzu, zuzendu ezazu. |
Inperio mongola zatitu egin zen denborarekin, eta lau aginte nagusi sortu ziren: bakoitza khan batek gobernatzen zuen, baina guztien gainetik Khan Handia zegoen. Urrezko Hordak Errusiako lurraldeak kontrolatu zituen: Ilkhanatoak Ekialde Ertaina, Chagatai Khanatoa-k Asia erdialdea, eta Khan Handiaren khanatoak Mongolia eta Txina[2]. Testuinguru horretan, Kublai Khan-ek gidatutako garaian inperioak bere hedapen handiena lortu zuen, bereziki Song dinastia 1279an konkistatu ondoren.
Kublai Khanek jauzi estrategiko garrantzitsua eman zuen 1271n, Yuan dinastia sortuz eta bere burua Txinako enperadore gisa aurkeztuz. Hurrengo urtean hiriburua Dadun ezarri zuen, gaur egungo Pekinen. Handik abiatu zuen hegoaldeko kanpaina militar erabakigarria, Song dinastiaren azken erresistentzia suntsitu eta Txina osoa bere agintepean bateratuz. Enperadore gisa, aurreko garaietan indar handia izan zuten gobernadore erregionalen boterea murriztu zuen, eta Han etniarekiko mesfidantzagatik, sarritan beste talde etnikoetako funtzionarioak izendatu zituen.
Erlijioari dagokionez, agintari mongoliarren artean lehena izan zen budismora —zehazki budismo tibetarrera— formalki bihurtzen, Drogön Chögyal Phagpa lamaren eraginari esker. Gainera, tolerantzia handia erakutsi zuen beste erlijioekiko, eta horrek inperio anitz batean egonkortasuna lagundu zuen. Arteak eta kultura ere sustatu zituen, eta bere gortean, jatorri desberdinetako aholkulariak izan zituen. Ekonomian, paper-dirua ezarri zuen, baina neurri horrek arazoak ekarri zituen, batez ere, inflazioa eta kontrol fiskal eskasa zirela eta. Garai hartan, europar bidaiari batzuk ere iritsi ziren bere gortera; ezagunena Marco Polo izan zen, gerora Kublaien kontseiaria izana onartu zuena.
Esparru militarrean, arrakasta handiak lortu zituen, hala nola Dali (Yunnan) eta Goieo (Korea) lurraldeak menperatzea. Hala ere, bere anbizioak harago joan ziren: Japonia, Birmania, Vietnam eta Java konkistatzen saiatu zen, baina espedizio horiek guztiak porrotean amaitu zuten. Horrek, gastu handiak eta inflazioaren areagotzea ekarri zituen. Aldi berean, ipar-ekialdeko eta ipar-mendebaldeko gerra-jaunak menperatzea lortu zuen, eskualde horietan egonkortasuna bermatuz.
Kublai Khanen agintaldiak azpiegitura eta zientziaren garapena ere bultzatu zuen. 1260an Khan izendatu ondoren, estatuaren antolaketa sendotzeari ekin zion, eta Guo Shoujing bezalako adituekin lan egin zuen tresna astronomiko aurreratuak garatzeko. Uraren kudeaketari arreta berezia eman zion; ureztatzea, garraioa eta uholde-kontrola hobetzeko kanal eta sistema berriak eraikiz.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011-12-27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Euskaltzaindia. (2016-09-30). (PDF) 181. araua: Erdi Aroko pertsona-izenak. Iruñea, 16 or..
- ↑ 徐建寅. «德國議院章程 : 一卷» Rare & Special e-Zone (kontsulta data: 2026-04-28).
