close
Edukira joan

Txirrindularitza egokitu

Wikipedia, Entziklopedia askea

Txirrindularitza egokitua txirrindularitzatik eratorritako kirola da, urritasun fisikoak dituzten eta bizikleta konbentzionala erabili ezin duten pertsonentzat bideratuta dagoena. Arautegia Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunaren (UCI) menpe dago[1] Nazioarteko Batzorde Paralinpikoaren mandatua jaso zuenetik, hain zuzen ere 2007ko otsailaren 7tik.

Txirrindularitza egokitua 1980ko hamarkadan sortu zen ikusmen-urritasuna zuten txirrindularientzat eta bikoteka lehiatzen zuten bizikleta bakar bat erabiliz. 1984an, New Yorken antolatutako Udako Paralinpiar Jokoetan, garun-paralisia zuten txirrindularientzako errepideko lasterketak sartu ziren, eta hortik aurrera, hurrengo lau Joko Paralinpikoetan, gutxinaka ekitaldi gehiago gehituz joan ziren. Hain zuzen ere, 1996an, Atlantan, pistako txirrindularitza sartu zen, bai eta hainbat kategoria funtzionaletako ezintasunak ere. Horrez gain, Sydneyko 2000ko Joko Paralinpikoetan, handbike modalitatea integratu zen erakustaldi gisa[2].

Sailkapena eta kategoriak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

UCIk, hiru faktoreren arabera bereizten ditu txirrindularitza egokituko kategoriak[3]:

Parte-hartzailearen generoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • M: gizonezkoen kategoria (M letra ingelesezko “men” hitzetik dator)
  • W: emakumezkoen kategoria (W letra ingelesezko “women” hitzetik dator)

Ezaugarri fisikoen arabera dagokion bizikleta mota

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lau bizikleta mota nagusi daude, baina guztiek pedalei eraginez funtzionatzen dute. Horrek esan nahi du, pedalak birarazteko hankak edo besoak erabiltzean, indarra transmititzen dela gurpil bat edo bi gurpileko ardatz bat bultzatzen duen kate baten bidez. Ibilgailu hauentzako termino orokorra "bizikleta" den arren, 3 gurpil dituzten handbike-ak eta trizikloak ere erabiltzen dira.

  • B: tandem izena hartzen duen eta bi gurpil eta bi eserleku (bata bestearen atzean) dituen bizikleta-mota erabiltzen da. Modalitate hau ikusmen urritasuna duten txirrindularientzat diseinatuta dago, eta hauek, tandema gidatzen duten eta ikusteko gaitasuna duten txirrindulari ez-profesional batez lagunduta doaz. B letra ingelesezko “blind” hitzetik dator, itsua esan nahi duena.
  • C: kirolari bakoitzaren protesira egokitua dagoen bizikleta arrunta erabiltzen da. Kategoria hau gorputz-adarren bat edo gorputz-adarren baten mugikortasuna galdu duten kirolarientzat pentsatuta dago. C letraren jatorria ingelesezko “cycle” da, bizikleta esan nahi duena.
  • H: handbike-ak erabiltzen dira. Bizikleta-mota hau zangoetan mugikortasunik ez duten kirolarientzat egokitua da. H letra ingelesezko “handbike” hitzetik dator, eskuzko bizikleta esan nahi duena. Bizikleta mota honen barruan hiru mota bereizten dira:
    • AP2: eserlekuaren bizkarraldea 30° etzanda dago eta txirrindularia partzialki tentetua egon daitekeenean erabiltzen da.
    • AP3: txirrindularia erabat etzanda dago, tente egoteko gaitasunik ez duenean erabiltzen da.
    • ATP3: enborra erabat tente eramateko diseinatuta dago eta txirrindulariak eserita edo belaunen gainean lehiatzeko gaitasuna duenean erabiltzen da.
  • T: trizikloak erabiltzen dira, zeinetan txirrindulariak bi hankekin eragiten dien pedalei. Bere egitura bat dator ohiko bizikleta eredu batekin, baina atzeko gurpilaren ordez, bi gurpileko ardatz bat dauka. Modalitate hau, bi gurpilen gainean oreka mantentzeko zailtasunak dituzten txirrindularientzat pentsatuta dago. T letra, ingelesezko “tricycle” hitzetik dator.
BERJAYA
B: Tandema
BERJAYA
C: bizikleta arrunt egokitua
BERJAYA
H: handbike-a
BERJAYA
T: trizikloa

Desgaitasun maila

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

UCIk UCI Cycling Regulations (v.1.02.14) dokumentuan ezartzen ditu txirrindularien kategoriak, desgaitasun-maila kontuan hartuta.

Mailaketa horretan, 1. maila urritasun handiena duten txirrindulariei dagokie, eta zenbakia handiagoa izan ahala, desgaitasun-maila txikiagoa da. Kategoria horiek irizpide mediko zehatzetan oinarritzen dira.

  • B: kategoria honetan, ikusmen-arazo larriak edo erabateko itsutasuna duten eta ohiko bizikletak gidatu ezin dituzten txirrindulariak biltzen dira. Arazo hori gainditzeko, tandem bizikleta erabiltzen dute, eta haien gidaria ikusmen-arazorik gabeko bigarren txirrindulari bat da, profesionala izan ezin duena. Kasu honetan ez da azpi-talderik banatzen, guztiak kategoria berean lehiatzen dira.
  • C1-C2-C3-C4-C5: bost kategoria horiek hanken eta besoen funtzionaltasunari eragiten dioten lesioak dituzten kirolariak biltzen dituzte. Lesio horiek, oro har, asimetrikoak izaten dira, eta hainbat hemiplegia mota, disfuntzio motore eta beso zein hanketako anputazio-maila barne hartzen dituzte. Hala ere, desgaitasun horiek ez diete eragozten (batzuetan protesien laguntzarekin) bizikleta konbentzional egokituak erabiltzea. Oro har, bost talde horien arteko ezberdintasun nagusiak honako hauek dira:
    • C-1 gradua: desgaitasunik handiena duten kirolariak biltzen ditu. Mugikortasun-alterazio larriak dituztenak dira, eta pedalei eragiteko hanka bakarra edo bi hankak protesiekin erabiltzen dituzte. Talde honetan sartzen dira, adibidez, hanka bat belaunaren gainetik eta beso bat anputatuak dituztenak, bi hankak belaunaren azpitik anputatuak eta protesiak erabiltzen dituztenak, edo pareko lesio neurologikoak dituztenak.
    • C-2 gradua: mugikortasun-arazo larriak dituzten beste kirolari batzuk biltzen ditu, hanka eta beso baten erabilera mugatua dutenak. Adibidez, hanka bat belaunetik anputatua eta beso bat ukondoaren gainetik anputatua dutenak, bi hankak belaunaren azpitik anputatuta eta beso bat ukondoaren gainetik anputatuta dituztenak, edo parekoak diren lesio neurologikoak dituztenak.
    • C-3 gradua: gorputz-adarren baten funtzionalitatean alterazio larriak dituzten kirolariak biltzen ditu. Adibideen artean daude hanka bat belaunaren azpitik anputatuta eta beso bat ukondoaren gainetik anputatua dutenak, hanka bat belaunetik anputatuta (protesiekin) eta beso bat ukondoaren azpitik anputatuta dutenak, bi hankak belaunaren azpitik anputatuta eta bi protesiekin ibiltzen direnak, edo pareko lesio neurologikoak dituztenak.
    • C-4 gradua: gorputz-adarren baten  funtzionalitatean alterazio nabarmenak dituzten kirolariak biltzen ditu, baina C-3 kategoriakoek baino gaitasun handiagoa dutenak. Adibideen artean daude hanka bat belaunetik behera anputatuta dutenak, bi besoak ukondoaren azpitik anputatuta eta protesiak erabiltzen dituztenak, edo pareko lesio neurologikoak dituztenak.
    • C-5 gradua: gorputz-adarren baten funtzionalitatean alterazio larriak dituzten kirolariak biltzen ditu. Talde honetako kirolariak, adibidez, beso bat ukondoaren gainetik anputatuta, beso bat ukondoaren azpitik protesiekin, eskuetako hatzak, edo antzeko lesio neurologikoak dituztenak dira.
  • H1-H2-H3-H4-H5: bost kategoria hauek zangoen funtzionaltasuna erabat galdu duten kirolariak biltzen dituzte, baita besoen funtzionaltasunean ere hainbat mailatako mugak dituztenak. Kirolari hauek, oro har, tetraplegia edo paraplegia mota ezberdinak dituzte, eta besoak eskuzko trizikloaren pedalak bultzatzeko soilik erabil ditzakete. Kategoria hauen arteko ezberdintasun nagusiak honako hauek dira:
    • H-1 gradua: txirrindulari tetraplegikoak biltzen dituen kategoria da, zehazki, besoetan mugikortasun gutxi dutenak eta hanketako mugikortasunik ez dutenak. Erabat etzanda joateko aukera ematen dien AP3 motako bizikletetan lehiatzen dira.
    • H-2 gradua: txirrindulari tetraplegikoak biltzen dituen kategoria da, zehazki, besoetan mugikortasun gehiago dutenak eta hanketako mugikortasunik ez dutenak. Etzanda edo partzialki etzanda lehiatzeko aukera ematen duten AP3 eta AP2 motako bizikletak erabiltzen dituzte.
    • H-3 gradua: txirrindulari paraplegikoak eta hemiplegikoak (hanketan mugikortasun murriztua) biltzen dituen kategoria da, zehazki, enborrean egonkortasunik ez dutenak. Etzanda edo partzialki etzanda lehiatzeko aukera ematen duten AP3 eta AP2 motako bizikletak erabiltzen dituzte.
    • H-4 gradua: txirrindulari paraplegikoak eta hemiplegikoak (mugikortasun murriztua dute hanketan, eta ezgaitasun partziala besoetan) biltzen dituen kategoria da, zehazki, enborrean egonkortasuna dutenak. Kasu honetan ATP3 motako bizikletak erabiltzen dituzte, belauniko edo eserita joateko aukera ematen dietenak.
    • H-5 gradua: zangoetan mugikortasun urria duten txirrindulariak (anputatuak edo paraplegia ez larriak dituztenak) biltzen ditu, zehazki, enborrean erabateko egonkortasuna dutenak. Hauek ere ATP3 motako bizikletak erabiltzen dituzte.
  • T1-T2: bi kategoria hauek orekan edo muskulu-gaitasunean eragina duten lesio neurologikoak dituzten kirolariak biltzen dituzte. Horregatik, ezin dute bizikleta konbentzionala behar bezala gidatu, eta arazo hori konpontzeko trizikloak erabiltzen dituzte. Bi urritasun maila bereizten dira:
    • T-1 gradua: hirugarren mailako hemiplegia, paraplegia edo tetraplegia duten edo lokomozio-disfuntzio larriak dituzten txirrindulariak biltzen dituen kategoria da.
    • T-2 gradua: bigarren mailako hemiplegia, paraplegia edo tetraplegia edo hain larriak ez diren beste lokomozio-disfuntzio batzuk dituzten txirrindulariak biltzen dituen kategoria da.

Kategoria hauek izendatzeko, kode-multzo bat erabiltzen da, nahiz eta batzuetan parte-hartzailearen generoa eta bizikleta mota bakarrik erabiltzen diren.

GENEROA

(1. kodigoa)

BIZIKLETA MOTA

(2. kodigoa)

DESGAITASUN MAILA

(3. kodigoa)

M (gizonezkoak)

W (emakumezkoak)

B (tandema) (-) (kategoria bakarra)
C (bizikleta) 1-2-3-4-5
H (handbike-a) 1-2-3-4-5
T (trizikloa) 1-2
ADIBIDEAK:
  • MC4: gizonezkoentzako proba, bizikletan, 4. graduko desgatiasunarekin
  • WT2: emakumezkoentzako proba, trizikloan, 2. graduko desgaitasunarekin
  • WB: emakumezkoentzako proba, tandemean

Modalitateak eta probak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
BERJAYA
Taldekako erreleboak hanbike-an

Ohiko txirrindularitzak hainbat modalitate hartzen dituen arren, txirrindularitza egokitua errepideko eta pistako modaliteetara soilik mugatzen da. Errepidean, bizikleta mota guztiak lehiatzen dira, pistan aldiz, tandem-ak eta egokitutako bizikletak soilik. Ezaugarri bereizgarri bat errelebo-probetan gizonek eta emakumeek osatutako talde mistoak eratzea da. Hauek dira lehiaketa nagusien egutegiak barne hartzen dituen probak[1]:

Errepideko probak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Errepideko lasterketa (gizonezkoak eta emakumezkoak)
  • Banakako erlojupekoa (gizonezkoak eta emakumezkoak)
  • Taldekako erreleboak handbike-an (gizonezkoak, emakumezkoak eta talde mistoa)
BERJAYA
Banakako jazarpena tandemean

Pistako probak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Scratch-a (gizonezkoak eta emakumezkoak)
  • 500m-ko edo 1km-ko erlojupekoa (gizonezkoak eta emakumezkoak)
  • Taldekako abiadura (gizonezkoak, emakumezkoak eta talde mistoa)
  • Banakako jazarpena (gizonezkoak eta emakumezkoak)

Ekipamendua ohiko txirrindularitzaren oso antzekoa da, eta jantzi arinak eta estuak ditu, airearekiko erresistentzia murrizteko. Alde nagusia bizikletetan dago; izan ere, ohiko bizikletekin alderatuta, aldaketa nabarmenak dituzte. Kaskoa nahitaez erabili behar da, eta kolorea aldatu egiten da kategoriaren arabera[4].

GIZONEZKOAK EMAKUMEZKOAK
Kategoria Kolorea Kategoria Kolorea
MB Gorria WB Zuria
MC1 Horia WC1 Horia
MC2 Beltza WC2 Belza
MC3 Urdina WC3 Urdina
MC4 Zuria WC4 Zuria
MC5 Gorria WC5 Gorria
MH1 Berdea WH1 Laranja
MH2 Urdina WH2 Horia
MH3 Zuria WH3 Zuria
MH4 Gorria WH4 Gorria
MH5 Beltza WH5 Beltza
MT1 Beltza WT1 Urdina
MT2 Gorria WT2 Zuria

80ko hamarkadan, gaitasun fisiko ezberdinak dituzten atletentzat bideratutako txirrindularitza lehiaketak antolatzen hasi ziren. 1988an, Nazioarteko Batzorde Paralinpikoa izan zen eskala handiko proba egokituak antolatzen hasi zen lehen erakundea. 2007. urtetik aurrera, Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunaren kudeaketapean, Txirrindularitza Egokitutako Munduko Txapelketak hasi ziren.

Udako Paralinpiar Jokoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txirrindularitza egokitua kirol ofizial bihurtu zen 1988ko Seulgo Udako VIII. Paralinpiar Jokoetan, eta urte horretan, errepideko probak egin ziren bakarrik. Aurretik, 1984an, lehen aldiz pista gaineko txirrindularitza aurkeztu zen erakustaldi moduan, Stoke Mandevillen jokatutako Udako VII. Paralinpiar Jokoetan. Pista gaineko txirrindularitza Paralinpiar programan ofizialki 1996ko Atlantako Jokoetan sartu zen.

Munduko Txapelketak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txirrindularitza egokituaren Munduko Txapelketek UCIren (Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunaren) babesa dute. Errepideko Munduko Txapelketak berriz, urtero antolatzen dira 2009tik, urte olinpikoa denean izan ezik. Pistako Munduko Txapelketak hasieran bi urtez behin egiten ziren, baina 2011tik aurrera urtero antolatzen dira, 2013an izan ezik.

  • 2009 Bogogno (Italia)
  • 2010 Baie-Comeau (Kanada)
  • 2011 Roskilde (Danimarka)
  • 2013 Baie-Comeau (Kanada)
  • 2014 Greenville, South Carolina (Estatu Batuak)
  • 2015 Nottwil (Suitza)
  • 2007 Bordele (Frantzia)
  • 2009 Mánchester (Britainia Handia)
  • 2011 Montichiari (Italia)
  • 2012 Carson (Estatu Batuak)
  • 2014 Aguascalientes (Mexiko)
  • 2015 Apeldoorn (Holanda)
  • 2016 Montichiari (Italia)

Munduko Kopa ere UCIk babesten du, eta urteko proba-egutegi batek osatzen du (normalean hiru edo lau proba). Helburua denboraldian zehar lehiaketak izatea da. Lehen urteetan, ordea, arazo ekonomiko eta antolaketa-arazo handiak izan zituen. Hain zuzen ere, inaugurazio-denboraldian proba bakarrera mugatu behar izan zen. Cantimpaloseko Txirrindulari Klubaren laguntzari esker, Munduko Kopa sendotzen hasi zen, Segovian hiru urtez jarraian proba antolatuz eta ekimenari egonkortasuna emanez. Pistako lehiaketek, berriz, ez dute jarraipen bera izan: orain arte, 2009 eta 2016 artean bi proba bakarrik egin dira.

  • 2010 Segovia (Espainia) [Merano eta Marlengo (Italia) eta Matanek (Kanada) uko egin zioten]
  • 2011 Sydney (Australia)// Segovia (Espainia)// Baie-Comeau (Kanada)
  • 2012 Roma (Italia)// Segovia (Espainia)// Baie-Comeau (Kanada)
  • 2013 Merano (Italia)// Matane (Kanada) Segovia (Espainia)
  • 2014 Segovia (Espainia)// Castiglione (Italia)
  • 2015 Maniago (Italia)// Yverdon-les-Bains (Suitza)// Elzach (Alemania)// Pietermaritzburg (Hegoafrika)
  • 2016 Pietermaritzburg (Hegoafrika)// Ostende (Belgika)// Bilbo/Gasteiz (Espainia)
  • 2009 Manchester (Britainia Handia)
  • 2016 Montichiari (Italia)

Beste lehiaketa batzuk

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txirrindularitza egokituan txapelketa nazionalak eta kontinentalak ere egiten dira, federazio nazionalek eta UCIk antolatuta. Adibidez, 2016ko abuztura arteko denboraldiko egutegiak honako hauek barne hartzen zituen:

  • Proba kontinentalak Europan eta Asian
  • Herrialde askotan egindako lehiaketak, besteak beste: Espainia, Eslovakia, Herbehereak, Suitza, Austria, Belgika, Alemania, Hegoafrika, Italia (4 proba), Kanada, Grezia, Abu Dhabi, Estatu Batuak, Japonia eta Zeelanda Berria.

Euskal txirrindulariak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txirrindularitza egokituak izandako euskal kirolari nabarmenen artean ditugu ondorengoak[6][7][8][9]:

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. 1 2 (Ingelesez) «Para-cycling» www.uci.org (kontsulta data: 2025-03-31).
  2. (Gaztelaniaz) Giménez, Juan Tomas. (2014). Ciclismo adaptado. Formación Alcalá ISBN 9788490880036..
  3. (Gaztelaniaz) GUÍA SOBRE LA CLASIFICACIÓN EN EL DEPORTE PARALÍMPICO. CEE Limencop, 65-72 or. ISBN 978-84-09-33772-7..
  4. (Ingelesez) «Regulations» www.uci.org (kontsulta data: 2025-03-31).
  5. (Gaztelaniaz) «Copa del Mundo de ciclismo adaptado» Ciclo21 (kontsulta data: 2025-03-31).
  6. (Gaztelaniaz) «MÁS GUERREROS QUE NUNCA» fvascicli.eus (kontsulta data: 2025-03-31).
  7. (Gaztelaniaz) «Óscar Higuera: "El ciclismo me ha devuelto las ganas de vivir"» Marca.com 2020-08-29 (kontsulta data: 2025-03-31).
  8. (Gaztelaniaz) Vidas, Vive Más. «Equipo Cofidis» ViveMásVidas (kontsulta data: 2025-03-31).
  9. (Gaztelaniaz) «El futuro del paraciclismo español echa a rodar en el Equipo Cofidis de Promesas Paralímpicas» rfec.com (kontsulta data: 2025-03-31).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]