close
Edukira joan

Iraultza Kulturala

Wikipedia, Entziklopedia askea
Iraultza Kulturala
Irudi
Motairaultza
cultural revolution (en) Itzuli
culture change (en) Itzuli
Denbora-tarte1966ko maiatzaren 16a - 1976ko urriaren 6a
HerrialdeaTxinako Herri Errepublika
Honen ondorioaErrepresio politiko
biolentzia politiko
magnizidio
BERJAYA
1967an egindako Maoren aldeko margolana.

Iraultza Kulturala[1] —izen formalez, Kultur Iraultza Proletario Handia (txinera tradizionalez: 無產階級文化大革命; txinera sinplifikatuz: 无产阶级文化大革命; pinyinez: wúchǎn jiējí wénhuà dà gémìng)— Mao Zedong presidenteak Txinako Herri Errepublikan 1966tik aurrera zuzendutako masa-kanpaina bat izan zen. Kanpaina hau Alderdi Komunistako goi-kargu batzuen nahiz intelektual zenbaiten aurka zuzendu zen, Maok eta bere jarraitzaileek ideal iraultzaileak traizionatzea leporatzen baitzieten.[2]

Aurrerako Jauzi Handia deituriko industrializazio saiakeraren porrotak herrialdea egoera ekonomiko kaskarrean utzia zuen. Alderdiak ekonomia bizkortzeko zenbait erreforma jarri zituen martxan, baina klase dirudun berri baten sorreraren beldur zen Mao. Horren aurrean, adierazpen kulturalak burgesiaren eskuetatik erauzi behar zirela zioen, eta Iraultza Kulturalaren bidez boterea herriari itzuli nahi izan zion, hierarkiak, burokraziak eta eliteak ezabatuta. Gazteek osatutako Guardia Gorriek paper aktiboa izan zuten, eta kontrairaultzaile eta errebisionistatzat zituztenen aurka gogor egin zuten, umiliazio publikoen bidez. Besteren artean, herri xehea alfabetatzeaz gain, milaka hildako eragin zituzten estamentu zaharrak suntsitu nahian.[3]

1966ko maiatzaren 16an, Txinako Iraultza Kulturala hasi zen, Alderdi Komunistak iragarri zuenez.[3] Lin Piao mariskalak hasi zuen kanpaina hau, oinarritzat hartuta mugimendu iraultzailearen oinarrizko printzipioetara itzultzea. Txinako Alderdi Komunistako joera liberalak kritikatu zituen. Guardia Gorriek eraman zuten iraultza hori aurrera, manifestazio handiekin eta kaleetan jarritako horma irudiekin. Idazle, ekonomialari eta alderdiko aparatua jende masen mugimenduen menpe jarri nahi zuen, eta zuzeneko demokraziarako formula berriak bilatu nahi zituen komunetan eta bizitza politika orokorrean. Horrek alderdira garbiketa ekarri zuen, eta hezkuntza sistemaren kontrako kritika sistematikoa; ondorioz, ikastetxe asko itxi zituzten. 1968an, Liu Shaoqi kendu egin zuten alderditik eta errepublikako presidente kargutik.

Iraultza Kulturala ulertzeko, kontuan izan behar da Leninek eta Marx berak iraultza jarraituaz teorizatu zutena: iraultza burgesetik iraultza sozialistara igaro ahal zela faseak gaindituz. Hain zuzen ere teorizazio hori baliatuz, Maok pentsatu zuen iraultza kulturalen bidez sozialismo eta komunismorako jauzia emateko zaharra zena —zaharra filosofian, ekonomia eta politikan— gainditu zitekeela.

Maoismoak boterean zeuden zenbait liderri burgesia berriaren ordezkariak zirela leporatu zien, bai eta kapitalismoa berrezartzeko politika aurrera eramatea ere: akusatutako politiko horiek oro har Liu Shaoqik eta Deng Xiaopingek ordezkatutako joerakoak ziren. Hori dela eta, arestian aipatutako mobilizazio baliabideak erabiliz, eskuineko joerakoen aurka egin zuten. Burgesia berriak oinarria ekonomian zuela iritzi zioten. Horrela, alde batetik, ekoizpen baliabideen jabetza juridikoa legoke, zeinak baliabideak herri osoarenak direla aldarrikatzen zuen. Beste aldetik, ordea, ekoizpen baliabideen jabetza efektiboa, zeinetan produkzio baliabideak kontrolatzen dituzten horiek daukaten, Alderdiko burokratek. Maok eta beren jarraitzaileek, hain zuzen, horretan kokatzen zuten burgesia berriaren iturburua.

Alderdi barruko borroka

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alderdi barruko indarren arteko borroka ere izan zen:[4] alde batetik, Iraultza Kulturala aurrera eraman nahi zutenak, Lin Biao eta Chen Boda buru zituztela; beste aldetik, Shanghai taldekoak, Iraultzaren Talde Zentrala izenez ezagunak, Mao buru zutela; eta, azkenik, eskuin joerakoak: Deng Xiaoping eta Zhou Enlairen multzoa. Laburbilduz, azken bi joeren arteko aliantza egin zen, aurrenekoen aurka, kanpo politika aitzakia hartuz. Mao eta Zhou Enlai AEBrengana hurbiltzeko politika baten aldekoak ziren; Lin Piaok, aldiz, lehenengo eraso politikarekin jarraitu nahi izan zuen, kanpoko mugimendu iraultzaileei laguntzen. Lin Piaok eta haren jarraitzaileek apustua galdu zuten, eta handik aurrera AEBrenganako kanpo politika normalizatu ez ezik, Iraultza Kulturala ere bertan behera geratu zen.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Iraultza Kulturala», Euskalterm.
  2. https://search.worldcat.org/title/1260194441
  3. 1 2 «Gaurko egunez: Txinako Iraultza Kulturala hasi zen, Alderdi Komunistak iragarri zuenez» Argia (kontsulta data: 2026-05-16).
  4. «Iraultza Kultural Proletario Handiaz» Gedar 2023-04-05 (kontsulta data: 2026-05-16).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Historia
Txinako Herri Errepublika
Artikulu hau Txinako historiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.