close
Edukira joan

Grégoire Kayibanda

Wikipedia, Entziklopedia askea
Grégoire Kayibanda
BERJAYA
(1965)
Ruandako presidente

1961eko urriaren 26a - 1973ko uztailaren 5a
Dominique Mbonyumutwa - Juvénal Habyarimana
Ruandako Lehen Ministroa

1960ko urriaren 19a - 1962ko uztailaren 1a - Sylvestre Nsanzimana (en) Itzuli
presidentea

Bizitza
JaiotzaMusambira, 1924ko maiatzaren 1a
HerrialdeaBERJAYA Ruanda
HeriotzaKabgayi, 1976ko abenduaren 15a (52 urte)
Heriotza moduaberezko heriotza: eritasuna
Familia
Ezkontidea(k)Véridiane Kayibanda
Haurrideak
Jarduerak
Jarduerakpolitikaria
Ideologia eta sinesmenak
Erlijioakatolizismoa
Alderdi politikoaParmehutu (en) Itzuli

Grégoire Kayibanda (1924ko maiatzaren 1a - 1976ko abenduaren 15a) Ruandako bigarren presidentea izan zen, Dominique Mbonyumutwaren trantsizioko gobernua eta gero, eta lehen presidente hautatua. 1959ko Hutu Iraultza soziala eta Belgikatiko independentzia lortzeko Ruandako prozesuko buru izan zen. Tutsi monarkia ordeztu zuen gobernu errepublikanoarekin.

Hutu gehiengoaren aldeko politika ezarri zuen, eta alderdi bakarreko sistema bat, de facto, bere alderdiak, MDR-Parmehutu (Mouvement Démocratique Republicain-Parmehutu) gobernatua. Estatu-kolpe batean kendu zuen boteretik, 1973an, Juvénal Habyarimana armada buruak.

Politika munduan hasi arte

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kayibanda Taren jaio zen, Gitarama inguruan, 1924an, orduan Belgikako kolonia zen Ruanda-Urundin. Bertan eman zituen eskolako lehen bi urteak,  eta 1934tik aurrera Kabgayi hirian. 1937an Kabgayiko San Leon Seminario Txikian matrikulatu zen. 1943an bigarren hezkuntzako  ikasketak amaitu eta 1944ko abenduaren 28an Nyakibandako Seminario Nagusian sartu zen, hegoaldeko Butare hiritik dozena bat kilometrora. Garai hartan, Ruandako goi hezkuntzako erakunde bakarra zen.

1948ko azaroaren 15ean, Seminario Nagusia behin betiko uztea erabaki zuen eta hezkuntza arloan hasi zen lanean.

1950ean ezkondu zen Vérédiana Mukagatarerekin.

1953 eta 1954an Kayibanda Pierre Boutry apezak Ruandako intelektualentzat 1945ean sortu zuen L'Ami aldizkariko erredaktore-buru eta editorea izan zen. Hasi zen hutuen zapalkuntza salatzen, eta politika munduan sartzen.

Presidentetzara bidean

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
BERJAYA
Hutu Iraultzaren 10. urteurreneko zigilua

Hutu gehiengoaren barruan goi-hezkuntza jasotako lehen elitea mugitzen hasi zen tutsi gutxiengoak zuen boterearen kontra. Mugimendu hartan paper inportantea izan zuen Eliza Katolikoaren jarrera aldaketa, hutu zapalduen alde egitera pasa zena. Batez ere 1955ean André Perraudin eliz-gizon suitzarra Kabgayira iritsi eta gero; 1959an bertako artzapezpikua bihurtu zen.

Harekin harreman estua izan zuen Kayibandak, idazkari pertsonal gisa, eta Kinyamateka kazeta katolikoko erredaktore gisa, kinyaruanda hizkuntzaz, 1956 eta 1958 artean [1].

"Hutu Iraultza" deitu den "emantzipazio" mugimendua zuzendu zuen taldean egon zen, Parmehutu (Parti du Mouvement de l'Emancipation Hutu) alderdia sortu zuena, "Bahutu Manifestua" kaleratu eta gero, 1957an [2] [3] . 1960ko tokiko hauteskundeetan kontseilari eta auzapez postuen %70 inguru lortu zuen Parmehutuk.

1961eko urtarrilean Ruandako monarkia tutsia boteretik kendu eta Errepublika Parlamentario bat aldarrikatu zuen Gitaramako Kolpea deituak, trantsizio gobernu labur bat ezarriz, Dominique Mbonyumutwa presidente.

Administrazio fiduziario belgikarrak onartu zuen, baina artean Ruanda-Urundiren titularra ziren NBEk ez. Hauen bitartez irailean antolatu ziren hauteskunde parlamentarioetan Parmehutuk botoen ia % 78 lortu zituen. Eta aldi berean monarkia mantentzeari buruz egin zen erreferendumean, %80 kontran.

1962ko uztailaren 1an deklaratu zen Ruandaren independentzia, baina aurretik, jada, 1961eko urriaren 26an Parlamentuak hautatua izan zen Kayibanda Errepublikako presidente [4].

1962ko irailaren 18an Ruandako lehen ordezkaritza zuzendu zuen Nazio Batuen Batzar Nagusietan.

Presidentetza (1962-1973)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
BERJAYA

Hurrengo hiru urteetan, Kayibanda bere boterea pixkanaka handitzen joan zen. 1965erako, MDR-Parmehutu (Mouvement Démocratique Republicain-Parmehutu) zen herrialdeko alderdi legal bakarra. Urte hartan egindako hauteskundeetan, eta 1969koetan berriro hautatu zuten, berriz ere hautagai bakarra izanda.

Kanpo politikan, Mendebaldearen aldeko eta komunismoaren aurka jokatu zuen, Gerra Hotzeko garai haietan. Bere erregimenak onartutako 1962ko konstituzioak debekatu egin zituen jarduera eta propaganda komunistak, Belgikak independentzia emateko jarri zion baldintza izanda komunismoaren bidea baztertzea.

Barne politika, berriz, markatuta egon zen, alde batetik, hutuen aldeko politikekin, kuota sistema bat ezarri zutena tutsien presentzia mugatzeko, bai hezkuntza bai administrazio postuetan. Tutsien kontrako jarrerak eta praktikak orokortu ziren. Eta sarraskiak ere piztu, batez ere monarkiaren aldeko inyenzi deituek atzerritik eraso egiten zutenean [2], edo Burunditik hutuen kontrako sarraskien albisteak iristen zirenean. Ondorioz, erbesteratu tutsien oldeak egon ziren, Ugandara eta Burundira, batez ere; handienak 1963-64an eta 1973an [3]

Beste aldetik, lehia erregionalistak markatu zuen, iparraldeko eta hegoaldeko klan hutuen arteko botere borrokan, Gitarama aldeko eliteen mesedean [2].

1973ko hauteskundeen aurretik lege aldaketa batek presidentetzarako agintaldiaren iraupena 4 urtetik 5 urtera luzatu zuen, eta 60 urteko adin muga ezabatu. Baina uztail hasieran Juvénal Habyarimana armada buruak, iparraldekoa, estatu kolpe bat eman zuen.

Etxeko atxiloaldiak eta heriotza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ipar-mendebaldeko Ruhengeri prefekturan etxeko atxiloaldian jarri zuten, bizi baldintza latz batzuetan. Eta geroago, emaztea hil ondoren, Gitarama ondoko Kavumuko bere etxean. 1974ko ekain bukaeran gerra-kontseilu baten bidez heriotza-zigorra ezarri zioten, baina Habyarimana presidentearen ekimenez bizi arteko espetxe zigorra bihurtu zen.

1976ko abenduaren 15ean hil zen, bertsio bat baino gehiago dituen eritasun baten ondorioz. Salatu izan da, halaber, bere erregimenean kargu politikoak izandako hegoaldeko hainbat izan zirela erailak [2] [1].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. 1 2 Sibomana, André. (1999). Mantengamos la esperanza en Ruanda. Mundo Negro, 42, 53 or. ISBN 84-7295-156-1..
  2. 1 2 3 4 Gasana, James. (2001). Rwanda: del Partido-Estado al Estado-Cuartel. IEPALA, 37, 42-46, 48-53 or. ISSN 1131-5741..
  3. 1 2 Melvern, Linda. (2007). Un pueblo traicionado. Intermón-Oxfam, 44-48 or. ISBN 978-84-8452-489-2..
  4. Lugan, Bernard. (2004). Le génocide, l'Eglise et la démocratie. Éditions du Rocher, 78-90 or. ISBN 2-268-05-060-2..