Apendizitisa larrialdi kirurgiko ohikoenetako bat da.[1]Nerabe eta heldu gazteetan agertzen da batez ere, intzidentzia-gailurra bizitzako bigarren eta hirugarren hamarkadetan izaten du.[2] Ohikoena 10-20 urte bitartetan gertatzea da, eta ez da hain ohikoa bizitzaren muturretan.[1][3][4]
Prebalentzia handiagoa du gizonezkoetan emakumezkoetan baino.[3][4] Estatu Batuetan, kalkulatzen da 100 pertsonatik 5-9k apendizitisa garatuko dutela beren bizitzan zehar (% 9ko probabilitatea). Europan, berriz, arriskua% 8koa da, eta Afrikan% 2 ingurukoa.[4][2]
Urteko intzidentziari dagokionez, Ipar Amerikan 100 kasu inguru ematen dira 100.000 biztanleko. Europan, berriz, eskualdearen arabera aldatzen da, eta ohikoagoa da kontinentearen mendebaldean. Duela gutxi industrializatu diren herrialdeetan (Hego Korean, Turkian edo Txilen, esaterako), eragina ere handiagoa da. [5][2]
40ko hamarkadaren amaieratik, apendizitis akutuaren intzidentziak behera egin du herrialde garatuetan, nahiz eta kasu-kopurua egonkor samar mantendu den.[5]
Abdomeneko min akutua da larrialdietan kontsulta-arrazoi ohikoenetako bat da (kontsulten %7-10), eta apendizitis akutua da arrazoi nagusietako bat.[2]
Antzinako Egiptoko ebidentziek adierazten dutenez, garai hartan jada ezagutzen zituzten apendizearekin bat etor litezkeen heste-egiturak, eta "hesteetako harra" deitzen zioten. Nolanahi ere, garai hartan ez zegoen haren hanturari buruzko kontzeptu kliniko argirik.[6]
Errenazimentuan zehar, apendizea anatomikoki behatu zen, baina ez zen berehala gaixotasun espezifiko batekin lotu. 1508 inguruan Leonardo da Vincik lehen ilustrazio anatomiko ezaguna egin zuen, eta 1522an, Jacopo Berengario da Carpi izan zen egitura hori hiru hazbete inguruko luzerako hodi huts gisa deskribatu zuen lehena.[7]
XVIII. eta XIX. mendeetan, abdomeneko min larria eta heriotza eragiten zuten sintoma klinikoen txostenak ugaritu egin ziren, atzera begira apendizitis gisa interpretatzen direnak. Ingalaterran, William Cookesley kirurgialariak apendizearen lehen erauzketa egin zuen 1731n, nahi gabe gertatutakoa, iztaiko hernia-ebakuntza batean. 1735ean, Claudius Amyandek apendize zulatu bat deskribatu zuen iztaiko hernia-zaku baten barruan, gaur egun "Amyand-en hernia" gisa ezagutzen dena.[7]
XIX. mendearen amaieran, Reginald Fitz patologoak apendizearen hantura gaitz-entitate espezifiko gisa ezarri zuen, eta ez peritonitis lauso bat bezala. 1886ko azterlanean frogatu zuen eskuineko hobi iliakoko prozesu inflamatorio gehienak (lehen tiflitis eta peritiflitis izenpean ezagutzen zirenak) berez apendize bermiformeko hantura zulatu batean zutela jatorria.[8]
Fitz-ek identifikatu zuen hantura horren arrazoi nagusia apendizean fekalitoak edo gorputz arrotzak egotea zela, eta ohartarazi zuen zulaketarako bilakaera naturala zela peritonitis kasu askoren benetako kausa, lehen idiopatiko gisa gaizki sailkatzen zirenak. Bere lana ez zen taxonomikoa soilik izan; diagnostiko kliniko goiztiarraren beharra ezarri zuen, min lokalizatuan eta masa tumorala eratzean oinarrituta. Sintomak hasi eta 3. egunerako ebakuntza kirurgiko goiztiarra gomendatu zuen, garaiko heriotza-tasa altua murrizteko.[8]
Oinarri hauek jarraituz, Charles McBurney-k tratamendu kirurgiko goiztiarraren estrategia eta "McBurney puntua" deskribatu zituen 1889an.[6] Zeinu honek, abdomen-pareteko sentikortasun handieneko puntu gisa definituak, min handieneko eremua zehaztasunez kokatzea eta diagnostiko-susmoa berrestea ahalbidetu zuen.[6][7] McBurney-k bere behaketak perfekzionatu zituen 1894ra arteko argitalpenetan[6]; urte hartan deskribatu zuen bere "parrillako"(gridiron) intzisio ospetsua. Teknika kirurgiko honek organoa zulatu aurretik esku hartzea zuen helburu, eta gaur egun oraindik kirurgia irekirako asko erabiltzen den estandarra bihurtu zen.[6][7]
XX. mendearen erdialdetik, irudi bidezko diagnosi-tekniken garapenak, anestesiaren hobekuntzak eta antibiotikoen sarrerak apendizitisaren kudeaketa eraldatu dute, gaixotasun honi lotutako heriotza-tasa nabarmen murrizteko.[5][2]
Historikoki, egitura bestigialtzat izan bada ere (funtzio ezezagunenekoa edo existitzen ez zenekoa), azken ikerketek pertzepzio hori aldatu dute, apendizeak heste-mikrobiota onuragarriaren gordailu gisa jokatzen duela proposatzean.[9]
Ikuspuntu horretatik, funtzio garrantzitsuenetako bat "babesleku seguruaren hipotesia"(safe house) deritzona da. Eredu horren arabera, apendizea bakterio komentsalen koloniak babesteko eta aterpetzeko diseinatuta dago, biofilmen(biofilms) eraketaren bidez.[9]
Lumen estua duenez eta fluxu fekal nagusitik babestuta dagoenez, organo honek bakterioen hazkundea eta kolona berriz populatzea ahalbidetzen du, heste floraren oreka berrezartzea erraztuz gastroenteritispasarteak, patogenoen esposizioa edo heste-purgak izan ondoren.[9]
Gordailu mikrobiologiko gisa duen zereginaz gain, apendizeak arkitektura berezia du, ehun linfoidearen presentzia nabarmenagatik bereizten dena. Horregatik, funtzio aktiboko organo immunologikotzathartzen da, nahiz eta funtzio horiek oraindik guztiz ulertzen ez diren.[1][9]
Apendizitisaren sintomarik ohikoena sabelaldeko edo sabeleko mina da, bereziki eskuineko zokogune edo hobi iliakoan. Mina, bereziki, toki zehatz batean areagotu egiten da (Mc Burneyren puntuan), eta oso handia izan daiteke. Sintomen artean honako hauek egon daitezke:
Bat-bateko mina sabelaren beheko eskuinaldean edo zilborraren inguruan hasten dena eta sarritan eremu horretara mugitzen dena.[4][3][10]
Mina areagotzea eztula egitean, ibiltzean edo bestelako mugimendu zakarrak egitean.[4][3]
Goragaleak eta okadak. Normalean mina hasi eta berehala agertzen direnak.[4][3][10]
Jateko gogoa galtzea.
Sukarra. Hasieran baxua izan ohi da, sarritan 37,7°C eta 38,3°C artekoa.[4][3][10]
Hesteetako alterazioak: idorreria edo beherakoa, gasak eta sabel-distentsioa.[4][3]
Minaren lekua adinaren eta apendizearen kokapenaren arabera alda daiteke. Haurdunaldian, mina sabelaren goiko aldetik etor daiteke, apendizea gorago dagoelako.[4][3][10] Kasu askotan, batez ere haurtxoetan eta haurretan, mina orokorra izan daiteke, eta ez lokalizatua, edo gerta daiteke sintoma ohiko horietako bat ere ez izatea.[4][10]Adineko pertsonetan, mina eta haztapenaren sentikortasuna ez dira hain biziak.[10]
Azterketa medikoan, erreboteko mina bereizgarria da: pazienteak mina nabaritzen du beheko eskuineko aldea haztatzean, baina mina bat-batean handitzen da presioa kentzean.[10]
Azpimarratzekoa da, apendizea zulatuz gero, mina gutxitu egin daitekeela ordu batzuetan. Hala ere, hori peritonitisaren aurretik doa: mina eta sukarra oso biziak bihurtzen dira.[10]
Hanturak tratamendurik gabe jarraitzen badu, apendizea hautsi egin daiteke, konplikazio larriak eraginez:
Peritonitisa: Zulaketa ondoren, infekzioa sabel osora heda daiteke. Beharrezkoa da berehalako ebakuntza kirurgikoa, apendizea kentzeko eta sabel-barrunbea garbitzeko, egoera hau hilgarria izan daitekeelako.
Abzesua: Infekzioa sortu eta zornea pilatzen da. Kasu askotan, zundaren bidez drainatzen da abdomeneko paretan zehar, antibiotikoekin batera. Behin infekzioa kontrolatuta, ebakuntza kirurgikoa egiten da.
Medikuak sintomak baloratu eta sabelaldea aztertu ondoren susmatzen du apendizitisa, batez ere beheko eskuinaldeko minari erreparatuz. Zehaztasuna hobetzeko eta erabakiak hartzen laguntzeko, balioztatutako iragarpen-eskala klinikoak erabiltzen dira: Alvarado eskala, AIR puntuazioa, AAS puntuazioa.
Odol-analisi definitiborik ez dagoen arren, hainbat markatzaile erabiltzen dira hanturaren intentsitatea neurtzeko eta beste eritasun batzuk baztertzeko[4][10][12]:
Globulu zurien (leukozitoen) kontaketa: maila altua izatea infekzio-marka izan ohi da[4][10].
Proteina C Erreaktiboa (PCR): hantura-prozesuak identifikatzeko baliagarria[4][12].
Gernu-analisia: maskuriko infekzioak edo giltzurrun-kalkuluak baztertzeko funtsezkoa [4].
Panel metabolikoa: deshidratazioa edo elektrolitoen desoreka dagoen egiaztatzeko[4].
Apendizitisaren aurkako tratamendu nagusia eta eraginkorrena ebakuntza kirurgikoa edo apendizektomia da. Diagnostikoa egin ondoren, antibiotikoak eta likidoak eman ohi dira zain barnetik, ebakuntza egin arte.[10]
Laparoskopia: Ebaki txikien bidez egiten da; horietan laparoskopio bat eta bestelako tresna kirurgikoak sartzen dira. Gutxieneko inbasioa duen prozedura da. Sendatze azkarragoa, ebakuntza osteko min-maila txikiagoa eta konplikazi-tasa txikiagoa du.
Laparotomia (kirurgia irekia): Sabelaldean 5 eta 10 cm arteko ebaki bakar eta handiagoa egitean datza.Teknika tradizionala bada ere, ospitaleratze luzeagoari eta ileoa edo zauriko infekzioa izateko arrisku handiagoari lotuta dago.
Hiltzeko arriskua oso txikia da bi aukera terapeutikoetan. Antibiotiko bidezko tratamenduak nabarmen murrizten du gune kirurgikoko infekzioen intzidentzia. Hala ere, ospitaleko egonaldia luzexeagoa izan daiteke.[12] Pazienteek, oro har, 1-3 egun geroago jasotzen dute alta, eta, normalean, azkar etaguztiz sendatzen dira. Kirurgiarik eta antibiotikorik gabe, apendizitisa hilgarria izan daiteke.[10]